Mañeruk eta Ziraukik Hemen Bizi bultzatu dute, Mañeruibarko etxebizitzarako sarbidea errazteko
Proiektua Ordeas Valdemañeru-n kokatzen da. Bi herrietako etxebizitza-eskaera erreala aztertu du, talde sustatzaileei lagunduko die eta landa-errealitatera egokitutako etxebizitza kooperatiboen ekimenak sustatuko ditu. Itxaropena 6, Mañerun, izango da prozesuaren lehen gauzatzea; hasiera batean, sei etxebizitzaren erabilera lagatuz.
Mañeru eta Ziraukiko udalek Hemen Bizi jarri dute martxan, Mañeruibarren etxebizitza eskuratzeko aukera berriak irekitzeko proiektua. Ekimena Ordeas Valdemañeru toki-garapeneko estrategiaren parte da eta bi herrietan gero eta nabarmenagoa den behar bati erantzuten dio: lurraldean geratu, bertara itzuli edo bizi-proiektu bat hasi nahi duten pertsonek horretarako aukera errealak izatea.
Etxebizitza da gaur egun landa eremuko udalerrien erronka nagusietako bat. Mañeru eta Zirauki bezalako herri txikietan, eskaintza erabilgarririk ez izateak belaunaldi erreleboa baldintzatzen du, gazteen emantzipazioa zailtzen du eta pertsona eta familia berrien etorrera edo itzulera mugatzen du. Etxebizitzak eta eraikinak badaude ere, ez daude beti erabilgarri, baldintza egokietan edo egungo beharrei erantzuteko prest.
Errealitate horrek modu berezian eragiten dio gazteriari. Etxebizitza bat eskuratzea oztopo handienetako bat bihurtu da bizi proiektu autonomo bat eraiki ahal izateko. Landa-ingurunean, zailtasun hori areagotu egiten da eskaintza urria denean, alokairurik ia ez dagoenean eta erostea beti arrazoizkoa ez denean. Horregatik, egungo aukerak zabaldu eta merkatu konbentzionalaren menpe soilik egon gabe herrian bizitzea ahalbidetuko duten ereduak arakatzea bilatzen du Hemen Bizik.
Hemen Bizi begirada praktiko batekin jaio da. Proiektua etxebizitzaren egungo egoerari buruzko ikerketa batekin hasi zen, beharrak identifikatu zituen, zegoen eskaera aztertu zuen eta, hemendik aurrera, formula kooperatiboetan interesa duten pertsonei lagunduko die. Bi herrietako 68 lagunek hartu zuten parte inkestan. Gehienak, gazteak dira: %70 inguruk 40 urte baino gutxiago ditu. Gainera, %60 inguruk etxebizitza bat behar du 2027a baino lehen. Datuen arabera, eredu alternatiboak sortzeko joera handia dago; izan ere, parte-hartzaileen % 66, gutxi gorabehera, kooperatiba-formulen aldekoa da. Orain, helburua, detektatutako beharretatik proiektu bideragarrietara pasatzea da, horiek bultzatzeko gai diren talde sustatzaileekin eta aurrera egiteko behar den laguntza teknikoarekin.
Proiektua
Hemen Bizik, gainera, etxebizitzaren ikuspegi komunitarioa dakar. Etorkizuneko ekimenek ingurumen-iraunkortasuna, energia-eraginkortasuna, irisgarritasuna, genero-ikuspegia, gizarte-berrikuntza eta ingurunearekiko harremana kontuan hartu beharko dituzte. Ahal den guztietan, lehendik dauden eraikinak birgaitzeari emango zaio lehentasuna, ondarea berreskuratzeko, beharrezkoa ez den lurzoru kontsumoa saihesteko eta herrien nortasuna mantentzeko.
Aurreikusitako zerbitzuetako bat Birgaikuntzan Laguntzeko Bulegoa da, zeinak informazioa eskainiko baitu laguntzei eta diru-laguntzei buruz, bai eta oinarrizko aholkularitza teknikoa eta izapideak kudeatzeko laguntza ere. Zerbitzu hori ORVErekin eta NASUVINSArekin koordinatuko da, eta etxebizitza gehiagok beren baldintzak hobetu ditzaten izanen du helburu nagusi, berriz ere erabilgarri egon daitezen errazteko.
Proiektuak etxebizitza kooperatiboko taldeak ere bultzatuko ditu, bai erabilera lagapenean, bai jabetzan. Bilera, tailer eta laguntza teknikoaren bidez, interesa duten pertsonek eskura dituzten ereduak ezagutu ditzakete, haien bideragarritasuna baloratu eta proposamen bakoitzaren definizio juridiko, ekonomiko eta arkitektonikoan aurrera egin. Talde horietan parte hartzeko beharrezkoa da bi udalerriek bultzatutako Etxebizitza Eskatzaileen Erroldan izena ematea. Interesa duten pertsonek bi udaletako edozeinetara jo dezakete.
Hori guztia joan den apirilaren 20an NASUVINSArekin egindako jardunaldi tekniko batean azaldu zen.
Itxaropena 6
Hemen Biziren lehen gauzatzea Itxaropena 6 proiektua izango da, Mañerun. Udalak Fede kaleko 14. zenbakiko eraikina erosi du, Itxaropen kaleko 6. zenbakiko orube mugakidearen ondoan, eta erabilera lagapeneko erregimen kooperatiboan sei etxebizitza sustatuko ditu. Proposamenak birgaitze lanak eta obra berriak uztartuko ditu, eta profil ezberdinetara egokitutako etxebizitzak izango ditu, hala nola, bakarrik bizi diren pertsonentzako, bikoteentzako eta familientzako. Gutxi gorabeherako azalerak 75 eta 110 metro karratu bitartekoak izango dira, espazio komun partekatuez eta patioaz gain. Proiektuak erabilera osagarriak ere aurreikusten ditu beheko solairuan, hala nola, espazio soziala, denda, lokalak edo taldearen eta inguruaren beharrei lotutako beste zerbitzu batzuk.
Itxaropena 6 izango da Hemen Biziren lehen ageriko urratsa. Haren garapenak aukera emango du eredua probatzeko, talde sustatzaile bat sendotzeko, ibilbide-orri juridiko eta ekonomiko bat zehazteko, eta proposamen arkitektoniko zehatz baterantz aurrera egiteko, 2026ko urria baino lehen. Aldi berean, Mañerun eta Ziraukin ekimen berriei bidea irekitzeko balioko du. Prozesu osoak Nasuvinsaren babesa du.
Erabilera-lagapeneko etxebizitza kooperatiboari esker, etxebizitza bat eskuratu daiteke, banakako erosketarik egin beharrik gabe. Bazkideak kooperatiba baten parte dira, eta erabilera-eskubide egonkorra eta epe luzekoa dute, 90 urtera artekoa izan daitekeena. Eredu hori lurzoru publikoaren lagapenean oinarritzen da, eta hasierako ekarpenak, finantzazio kolektiboa eta laguntza publikoak bateratzen ditu, ohiko etxebizitzarekiko kostuak nabarmen murriztuz. Nasuvinsak eredu horri buruz egindako erreferentzien arabera, erabileraren lagapenak nabarmen murritz dezake hasierako eta hileroko ahalegin ekonomikoa. Hasierako ekarpena etxebizitzaren balioaren %10 eta %20aren artekoa da, gutxi gorabehera. Ohiko sustapen batekin alderatuta, sarbidearen kostu osoa % 40 inguru murriztu daiteke; hileko kuotak, berriz, hipoteka baliokide baten % 50 inguru izan daitezke, lurzoru publikoa lagatzeari eta eskura dauden laguntzei esker. Gainera, diru-laguntza publikoak etxebizitzaren balioaren %25eraino irits daitezke.
Proiektua azaltzeko eta talde sustatzailearen sorrera kooperatiba moduan hasteko, joan den astelehenean, maiatzaren 4an, bilera egin zuten Mañerun. Hemendik aurrera, interesa duten pertsonek tailer parte hartzaileetan parte hartuko dute. Tailer horietan funtsezko alderdiak landuko dira, hala nola bizikidetza-eredua, taldearen antolaketa, etxebizitzen diseinua eta proiektuaren bideragarritasuna.
Ordeas Valdemañeru
Hemen Bizi proiektua Ordeas Valdemañeru-n kokatzen da, Mañeru eta Ziraukiren etxebizitza, zahartzea, despopulazioa, mugikortasuna, zerbitzuen hobekuntza eta jasangarritasuna bezalako erronka partekatuei aurre egiteko estrategia bateratuan, Caja Navarra Fundazioaren eta la Caixa Fundazioaren Innova Programaren laguntzaz garatua. Ordeas Valdemañeruk bi herrietan garatutako parte-hartze prozesuak tokiko eta bailarako gobernantza sistema egonkor bihurtzen ditu.
Hemen Bizi ekimenarekin, bi udalek gogoetatik ekintzetara pasa nahi dute. Helburua etxebizitzak sortzea da, baina baita errotzea, komunitatea eta etorkizuna sortzea ere. Mañerun edo Ziraukin bizitzea ez dadila soilik itxaropena izan, benetako aukera baizik.
